Guraso eta seme-alaben arteko komunikazioa

MUGAK KONTUAN IZAN GABE ERAIKITAKO ESPEKTATIBEN MUGAK

proiekzioak eta espektatibak argazkia

Espektatibak. Guztiok dauzkagu espektatibak, eta gure buruarekiko ez ezik, besteenganako espektatibak ere izaten ditugu. Eta noski, bokazio orientazioaren inguruan hitz eginez gero, ezin ditugu gurasoek euren seme-alabekiko dituzten espektatibak alde batera utzi. Argitu beharra dago ere, azken hauek edukitzea ohikoena izatea den bezalaxe, ona ere badela. Espektatiben nolakotasuna osasuntsua eta konstruktiboa den heinean, noski. Horien adibide ditugu gurasoek seme-alabekiko dituzten ondorengo espektatibak: euren gaitasunetan sinestearena, oztopoak gainditzearena, eta abar luze bat.

Gainera, esan beharra dago guraso eta seme-alaben harremanek gainontzeko harremanen kontrako logika jarraitzen dutela; izan ere, Frommek (1997) dioen bezala (Frommek soilik ama eta seme-alaben arteko harremanari egiten dio so hau azaltzerakoan, baina gure kasuan ama zein aita hartuko ditugu aintzat) harreman honen garapen egokia, euren arteko banaketan eta independentzian oinarritzen da besteak beste. Gainontzeko harremanen garapenak aldiz, korrelazio positiboa du loturarekin, loturaren arabera neur daitezke eta. Honekin ez dugu inolaz ere esan nahi guraso eta seme-alaben harremanak hotzak izan behar direnik eta babesaren beharra ez dutenik. Baina egia da, seme-alaben garapenak gurasoen babes nukleoaren haustura behar duela hein batean, indibidualizazio prozesuan beharrezkoa delako eta nortasunaren garapen egokia ahalbidetzen duelako.

Hala ere, babes eta erosotasun horretatik ateratzea zaila izaten da, bai guraso eta bai seme-alabentzat. Gurasoen kasuari erreparatuz, azken hauei zenbaitetan zaila egiten zaie onartzea seme-alabek aukeratutako bidea ez datorrela bat aldez aurretik zituzten espektatibekin, eta ikasketen zein enpleguen arloan, oso ohikoa da hau gertatzea. Kasu askotan, gurasoek euren seme-alabek ikasketa zehatz batzuk burutzea nahi izaten dute, eta hala ez bada, espektatibek huts egin eta frustrazioa areagotu egiten da gatazkei bide emanez.

Hau gurasoek ispilu bat balego bezala jokatzen dutelako ematen da, nahiz eta gehienetan inkontzienteki gertatzen den. Haiek izan nahiko luketena euren seme-alabak izaten ahalegintzen dira askotan, norberak bere motibazioak eta gaitasunak dituela kontuan izan gabe. Psikologian “proiekzioa” deritze azken fenomeno hauei. Proiekzioak defentsa mekanismoak dira, hots, norbanakoan eta gehienetan inkontzienteki martxan jartzen dituen tresnak, emozio eta sentimenduak kontrolatzeko eta egonkortasuna izateko. Emozio eta sentimendu horiei uko egin nahi izatearen arrazoia, antsietatea areagotzen dutelako eta autoestimua kolokan jartzen dutelako da, baina maila batean joera hauek izatea normala da pertsona guztietan. Hortaz, proiekzioen bitartez, gureak diren emozio eta ezaugarriak beste pertsona bati egozten dizkiogu bereak balira bezala, zaila egiten zaigu-eta gure nortasunaren barneko emozioak eta ezaugarriak direla onartu zein kudeatzea.

Ikasketa eta lan arloari so eginez beste behin esan liteke, askotan gurasoek euren seme-alabek hau ala bestea ikastea nahi izaten dutela, baina askotan aukeraketak ez dira bat etortzen ikasleen motibazio, interes eta gaitasunekin. Horregatik guraso bezala, garrantzitsua da euren seme-alabei aske uztea eta erabakitzen uztea. Ez daude bide on edo txarrak, bidea norberarena den heinean egokia izango baita bere alde on eta txarrekin. Egia da ere, ez dela erraza esaten ari garena praktikan jartzea, eta horregatik, gaian sartuko gaituen bideotxo labur bat ikustea proposatu nahi dizuegu. Bideoa Adolfo Aristarain zuzendariaren Martín (Hache) filmaren pasarte bat da. Oso aproposa iruditu zaigu, izan ere bideo honek aitak ezjakintasunaren eta zalantzen kezkak ditu, baina hein batean bere semean proiektatzen ditu. Aitaren nahia semeak zalantzak argitzea da, eta hein batean bere (aitaren) lasaitasunerako argitzea nahi du.

Amaitzeko, bakarka edo bikoteka egin daitezken ariketa batzuk proposatu nahi dizkizugu. Ariketak egiterako garaian, erreferentziatzat hartu dugun liburua honakoa izan da: El riesgo de vivir (Oldham, J.; Key, T. eta Starak, I., 1992).

A1 ARIKETA:

Imajina ezazu gustuko ez duzun pertsona batekin hitz egiten ari zarela, eta zehaztu ezazu zeure buruan zein ezaugarri edo joerak diren atsegin ez dituzunak. Orain, saia zaitez pertsona horren jarrera izaten (ahots tonua, jarrera, keinuak etab. kontuan izanik), eta ipini arreta jarrera hori antzeztea erraza ala zaila iruditu zaizun konturatzeko; izan ere, zenbaitetan oso erraza iruditzen zaigu, benetan gure jarrerak direlako baina ispilu bat balego bezala beste pertsona bati egotzi dizkiogulako.  Gure nortasunaren ezkutuko ezaugarriak behatzeko, oso egokia da argi izatea zein ezaugarri ez ditugun gustuko beste pertsonengan, eta guk antzeko joerak ditugun ala ez aztertzea.

Adibidea: “Nire seme-alabak oso egoskorrak dira eta oso zaila da eurekin hitz egitea.”

A2 ARIKETA

Orain, egin ezazu aurreko ariketa bera, baina ezaugarri negatiboekin egin beharrean, egin ezazu besteengandik gustatzen zaizkizun ezaugarriekin.

A3 ARIKETA

Orain pentsatu “Nik ezin dut…” hitzekin hasiko diren zenbait esaldi, fisikoki, mentalki edo emozionalki ezin dituzun ekintzak kontuan izanik. Ariketa zaila irudituz gero, esan zeure buruari: “Nik ezin dut ariketa hau egin”. Esan ozen pentsatu dituzun esaldiak. Nola sentitu zara?

Adibidez: “Nik ezin dut ulertu nire seme-alabek unibertsitatera joan nahi ez izatea”.

Ondoren, azter ezazu zein sentimendu izan dituzun halako baieztapenak ozen esan dituzunean. Hori egin eta gero, aldatu “Nik ezin dut…” hitzak “Nik ez dut nahi…” hitzengatik, eta azter ezazu nola sentitu zaren hori esaterakoan.

A4 ARIKETA

Azken ariketa honekin amaituko dugu. Gure erantzukizuna bazter batera uzteko eta besteengan egozteko beste mekanismo ohiko bat justifikazioa da. Hori, “baina” hitzaren bitartez egiten dugu sarritan. Azken ariketa honetan, “baina” hitzarekin zenbait esaldi pentsatzea proposatuko dizugu. Kontura zaitez zein sentimendu azaltzen diren hori egiterakoan.

Adibidez: “Ikasgaien aukeraketa nire seme-alabei dagokie, baina nire iritzia eta gomendioak entzutea gustatuko litzaidake.”

Ondoren, ordezka ezazu “baina” hitza “eta” hitzarekin, eta errepikatu lehengo esaldiak. Nola sentitu zara? “Baina” hitzak ideiak elkarren aurka jartzen ditu, eta hitz hori “eta” hitzarekin ordezkatzen dugunean, bi ideiak bateragarriak izan daitezkeela konturatzen gara kasu askotan.

 

BIBLIOGRAFIA

Aristarain, A. (1997): Martín (Hache). Tornasol Films ekoizlea. Argentina.

Fromm, E. (1997): El arte de amar. Paidos Ibérica argitaletxea. Bartzelona.

Oldham, J.; Key, T. eta Starak, I. (1992): El riesgo de vivir. Manual Moderno argitaletxea. Mexiko.

 

Artikulu hau laguntzazkoa izan bazaizu, hemen zure izena eta helbide elektronikoa idatzi eta astean behin orientazioari buruzko artikulu bat jasokotzeko aukera izango duzu.

[contact-form-7 id=»744″ title=»Enpresa bidezko parte-hartzea_copy»]