LAURO IKASTOLA ETA LANALDI PROGRAMA

Gaurkoan Lauro ikastolako orientatzailearen esperientzia dugu zuekin konpartitzeko. Rosabel Urkijok berarentzat eta ikasleentzat LanAldin partehartzeak suposatzen duena hitz polit hauekin laburbiltzen du: 

Duela hiru urte Novia Salcedo Fundazioak antolatzen duen Lanaldi programaren berri izan nuen orientatzaileen topaketa batean. Aipatutako topaketa Lanbide Heziketari buruzkoa zen, eta interesgarria zen proposamena bertan luzatzea. Are egokiago iruditu zitzaidan esperientzia hori Batxilerrean eskaintzea, gure ikasleak oso urrun baitaude enpresa eta profesionalen mundutik. Gure kasuan gainera, Lauro Ikastolaren kasuan hain zuzen, belardiz eta baserriz inguratuta gaudenez, fisikoki ere ez dugu lan mundua gertutik ikusteko aukera.

Esan eta ekin. Bi urtez 200 ikasle baino gehiagok hartu dituzte parte programaren tailerretan, eta 60 batek profesionalekin jardunaldia konpartitu dute lantokietan. Kasu bietan helburuak betetzen dira, eta ia kasu gehienetan lehen aldiz hasten dira pentsatzen lan munduan, enpresan, produkzioan, bezeroengan , irabazietan… egunerokotasunean klaseetatik at gelditzen diren kontzeptuak baitira.

Heldutasun prozesuan bereziki lagungarria da profesionalekin aritzen diren ikasleen kasuan, orain arte ikastolatik kanpoko programan parte artesa eskatzea, arrazoitzea, euren burua aurkeztea, toki ezezagun batean profesionalen artean bakarka aritzea eta horrenbeste gauza egiteko aukerarik ez dute izan eta.

Esperientzia ikasgelako kideekin konpartitzen dutenean, protagonismo hori izateaz gain, ikasitako hainbat gauza partekatzen dituzte besteekin eta lan esparru eta ogibide desberdinen hainbat ezagupen berri hartzen dituzte ikasle guztiek.

Berriz 16 urte izateko zortea izango banu, programa honetan parte hartzeko zortea ere izan nahiko nuke, gazteentzako orientazio profesionalerako zein pertsonalerako tresna ona delako. Orientatzaile moduan gehiago esango nuke: kurrikulumean integratzeko moduko tresna ikusten dut, jakina baita unibertsitatera doazenen % 20 inguruk ikasketak utzi edo aldatzen dituelako, lehenengo aukeraketa egokia ez izateagatik. Baina agian hori asko eskatzea litzateke!

logotipo_lauro

Spread the word. Share this post!